Iratiko (Nafarroako Pirinioak) basoetan barneratzea zentzumenentzako opari bikaina da beti, baina udazkenean esperientzia aparta bilakatzen da. Paisaiak kolore okre-gorrixka hartzeaz gain, oreinen orro-aldiaren soinu harrigarriak hartzen du baso osoa. Hiru astetan zehar arren orroen eta adarren arteko kolpe bortitzen oihartzuna paraje eder honetako arratsalde eta gauetako laguna izaten da. Ikuskizunaz gozatzeko aldirik egokiena irailaren bigarren hamabostaldia eta urriko lehenengo astea da.
Udaren bukaeran zentzumenentzako agerraldi zirraragarria ematen da Aezkoako basoetan: orro-aldia.
Orein arrek araldian egiten duten soinu sakon eta luzea da orroa, eta behiek egiten dutenaren antzekoa da. Orroak udaren bukaerarekin batera hasten dira, emeak obulatze garaian daudenean. Orein asko daude Iratin, eta erraza da izaten da horietako bat ikustea, mendian isilik eta erne ibiliz gero. Paraje natural hau iluntzean bisitatzea, edo eguna argitzean, ikuskizun itzela da.
Udazkenaren hasieran, oreinek haien adarrak erakusten dituzte eta harro paseatzen dira, emeak sortzeko prest daudela jakinda. Orroen ondoren, basoko bazter guztietara zabaltzen da adarrak elkarren artean jotzean sortzen dutenen burrunba. Bortitza ematen badu ere, borrokak odolgabeak dira eta arerioen artean indarra erakusteko baino ez dira.
Borroka egun batzuk igarota, ar irabazleek ernaltzen dituzte emeak. Zortzi hilabete geroago, maiatzean, erdituko dute. Kume jaioberria zutik jarri eta titia hartzen hasiko da berehala.