Paleolitoaren amaieran dagoen presentziaren datuak daude (Zatoian aurkitutako 10.000 urteko aztarnak).
Neolitiko garaiko monumentu megalitiko ugari daude. Inguruko metal aberastasuna eta Azpegin aurkitutako zantzuak direla eta, metalurgia ezagutu zutela uste da. Jarduera hori XIX. mendera arte iraun zuen Orbaizetako Errege Munizio Olan.
HISTORIAURREA
ERROMANIZAZIOA
Badira erromatarren garaiko aztarnak ere, galtzada-arrastoak, esaterako, eta gaur egun ikergai dira. Urkulu mendiaren tontorrean dorre bat altxatzen da, orain arte garai honi egozten zaiona eta garaipen baten omenez eraiki zela uste da (Sertoriar Gerraren edo Akitaniako konkistaren garaian).
ERDI AROA
Erdi Aroko lehen mendeetako ilunpean, ezkutuan geratzen da Aezkoa haranaren eta bertako herrien eraketa. Iruñeko monarkia IX. mendean ezarri aurretik, Aezkoako haraneko komunitatea existitzen zen.
Suposatzen denez, aetzek Orreagako guduan ere parte hartu zuten (778. urtean). Hartan, Karlomagno eta haren armada garaitu zituzten. Garaipena Europa osoan ospetsu egin zen, Rolanen Chansonagatik (Rolanen, enperadorearen hiloba eta delfina, heriotza kontatzen du).
Aetzek parte hartu zuten haraneko mugetatik kanpoko gudu garrantzitsuenetako bat 1212.ean Navas de Tolosan izandakoa da. Garaipenaren horren ondoren Antso VII.ak (Azkarra) Aezkoako Foruak hobetu zituen. Antso Jakitunak 1169.ean eman zizkien aetzei foruak.
XV.-XVI.-XVII. MENDEAK
1423. eta 1443. artean, Aezkoak auzi luzea izan zuen Nafarroako Koroarekin, eta horren ondorioz bere portuen jabetza lortu zuen.
1462.ean Joan II.a Nafarroakoak kaparetasun kolektiboa eman zien haraneko bizilagun guztiei.
XV. mendearen bigarren erdialdean, agramontarren eta beaumondarren arteko borrokek ondorio lazgarriak ekarri zituzten haranarentzat, Aezkoa agramondarren mantendu zelako. Beamondarrek herriak erre, ondasunak lapurtu eta jende asko estutu zuten.
XVI. mendean Aezkoan ere sorginkeriari buruzko jazarpena eta epaiketak jasan zituen, bereziki 1525.ean eta, batez ere, 1575.ean, zenbait emakume aetz kartzelan hil baitziren, sorginkeria leporatuta.
Mende horietan zehar, errege nafar guztiek Aezkoako forua zin egin zuten, bai errege-erregin nafarrek, Joana Albretekoa esaterako, bai Gaztelakoek, Felipe II.k kasu. Azken zina 1609.ean izan zen.
XVIII. MENDEA
Mende honetan zehar, bailararen bizitza markatzen duten hiru gertaera nabarmendu daitezke:
Lehena, 1774 – 1775 bitarteko ganadu izurritea da, Nafarroako behi-azienda ia guztia suntsitu zuena.
Bigarrena Orbaizetako Munizioen Olaren eraikitzea izan zen: horren ondorioz, bailarako mendien gaineko jabetza eta eskubideak galdu ziren.
Hirugarrena, Konbentzioaren Gerra (1793-1795 bitartekoa) da. Bailarako herri gehienak suntsitu ziren, setioen objektu nagusia izan zen munizio olaz gain.
XIX. MENDEA
XIX. mendean Gerra Karlista guztiek Olari eragin zioten, baita bailarako beste herri batzuei ere.
Mende amaieran, 1873.ean, behin betiko itxi zen Ola, eta urte gutxira enkantera atera zen.
XX. MENDEA
XX. mendearen hasieran emigrazio uholde iraunkorra hasi zen, mende osoan zehar mantendu zena. Abeltzaintza-sektorearen (abeltzaintza haranean zabalduen zegoen jarduera) gainbehera izan zen arrazoi nagusia.
Biztanleria nabarmen jaitsi zen mendean zehar, 1.000 biztanle inguru hain zuzen ere.
Emigranteen artean, kopuru handi batek Amerika izan zuen helmuga. Abiatu zirenen artean hiru pertsonak ekarpen handia egin zioten Aezkoari: behin han dirutza eginda, haranera itzuli ziren, eta beren dirutzaren zati bat eman zuten azpiegiturak, enpresak eta enplegua sortzeko. Domingo Elizondo (Aribekoa), Ciriaco Morea (Garaioakoa) eta Antonio Arostegui (Garraldakoa) dira.