XVIII. mendean altxatu zen lantegia, Aezkoako Mendietan zegoen antzinako burdinolatik hurbil. Aktibitaterako beharrezko lehengaien ugaritasuna zela eta, aukeratu zen instalazioa eraikitzeko leku hori.
Izan ere, inguruan ez zen falta egurra, burdina eta ura.
Ola egitearen helburua ejertzitoa munizioz hornitzea zen. Lantegia egiteko, inguruko mendiak utzi zizkioten erregeari aetzek. Denbora laburrean egon zen funtzionamenduan, mende bat baino ez, eta denboraldi hori, gainera, oso gorabeheratsua izan zen.
Mugatik oso hurbil zegoenez, behin eta berriro arpilatu eta su ematen zioten, baina behin eta berriro martxan jarri ere, XIX. mendean betiko itxi arte.
Gaur egun landareek olako aurriak estali dituzte, eta goroldiozko geruza berde baten azpian gelditu dira, berriro berreskuratu eta argira ateratzearen zain. XVIII. mendeko industria arkeologiaren erlikia honek izaera enigmatikoa du, eta Interes Kulturaleko Ondasuna deklaratutakoa da.
Hiru mailatan antolatutako lantegi-konplexuak elementu hauek biltzen zituen: burdinola bera, herrixka, eliza, langileentzako etxeak, ikaztegiak eta mearentzako biltegiak plataforma eseki baten bidez labeetako ahoekin lotzen zituen sistema bitxia. Iratiko Oihanean galdutako leku hertsi honetan 150 langile (eta haien familiak) baino gehiago, gehi ingurua zaintzeko tropak, bizi izan ziren urte luzetan zehar.