Skip to main content
Ibar zoragarri eta harrigarri honetako etnografia, historia, natura, paisaia eta berezitasunak ezagutzea proposatzen dizuegu.

Aezkoan hamabi behatoki daude. Horietako zazpik harrizko mahai ilustratua dute. Denak iristeko erraza diren lekuetan daude, eta ikuspegi zabal ta ederrak eskaintzen dituzte.

1 – ARIZTOKIA (Mahai panoramikoa)

NA140 eta NA2040 errepideen arteko gurutzetik 100 m-ra, Olaldeako norabidean, ezkerrera ibilgailua uzten ahal den zabalgune bat dago. Hor hasten den bidean gora joan behar da, 100 bat metro, harkaitzaren gainera heldu arte. Panoramika ederra dago: Irati ibaia, Aezkoako zenbait herri, Beteluko hariztia eta, atzean, Pirinioak. Ariztokia hegaztiak (saiak, bereziki) behatzeko leku aparta da.

2- ABAURREGAINA (Mahai panoramikoa)

Jaurrieta aldera abiatuta, herriko irteeran bertan dago, Pirinioetako ikuspegi ederra dago bertatik, eta hainbat gailur nabari dira (Ani, Atxerito, Hiru erregeen Mahaia, Bisaurin..).
Abaurregainako erdigunetik gora, bide bat abiatzen da San Miguel ermitara. Hor badago beste behatoki bat, Aezkoa alderako ikuspegia ematen duena.

3- ABAURREPEA (Mahai panoramikoa)

Abaurrepera sartzen den gurutzea igarota (Jaurrieta aldera), kilometro eta erdira dago, errepidearen ezkerrera. Behatokitik Aezkoaren zati handi baten gaineko ikuspegi ederra dago, eta, bereziki, Abaurrepearena.

4 – AZPEGI (Mahai panoramikoa)

Orbaizetako Munizio Olan Donibane-Garazira eramaten duen pista hartuta eta 4 kilometrora dago, pistaren eskuinera, mendiaren sestra aldatzen den leku berean. Mahaiaren ondoan aska bat eta megalitoen multzoa daude. Ikuspegia: bazka-larreak eta Urkulu, Mendilatz, Errozate eta Murukoa mendiak.

5- IRABIA (Mahai panoramikoa)

Irabiako hormaren eta aparkalekuaren ondoan dago. Pagadia eta urtegia bera ikusteko leku ezin hobea da.

6- HIRIBERRI (PETTIRIBERRO) (Mahai panoramikoa)

Behatoki honetara joateko Berrendira eramaten duen pista hartu behar da. Borda batzuen ondoan dago, herritik 900 bat metrora. handik Pettiriberro mendia ikusten da. Han, tradizioak esaten duenaren arabera, sorginak akelarrean elkartzen ziren.,

7- SAN JOAKIN (Mahai panoramikoa)

Hiriberrirako errepidea hartu eta berehala ezkerrera dagoen bidean gora egin behar da, San Joakin ermitara heldu arte. Aribe eta Ariztokiko harkaitza ikusten dira.

8- AZALEGI

Irabiako urtegira eramaten duen pistari jarraituta, Orioneko lepoan, artzainen txaboletarako eramaten duen eskuineko pista hartu behar da. Bide horretan 1.200 metro egindakoan, mendiaren gainera ailegatzen da. Bertatik ikusten da behatokia. Panoramika: Mendilatz, Errozate..

9- URKULU

Orbaizetako Munizio Olan Donibane-Garazira eramaten duen pista hartuta eta 4 kilometrora, basoa bukatzen den leku berean, ezkerrera abiatzen da bide bat. Hori hartu eta gora joan behar da, zuhaitzen artean berriro ere, Arnoztegiko leporaino. Hor Urkulu mendia gainean ikus daiteke. Gora egin behar da ailegatu arte.

10- ARTETXE

Garaioan irteera duen SL NA 59 bideari jarraituz, Artetxeko kobazuloa eta Atazabalgo leizea igarota, begiratokira iritsiko gara. 4,3 kilometroko ibilbidea da. Begiratokitik Garaioa ikusten da, eta Iturta eta Otarraz mendien magalak.

11- AITZA

Orbarako elizaren dorrearen ondoan hasi behar da, pistan gora, poliki-poliki. Berehala pista utzi eta eskuinean dagoen bidea, Aitzako bordatara igotzeko bide zaharra hain zuzen, hartu behar da. Lehenengo bordaren ondoan ezkerrera hartu, pagadi bat gurutzatu eta Mutiako garbietara iristen da. Aitzaren gaineko ikuspegi ederrak daude bertatik.

12- ARIATIBEL

Ariatik abiatuta, Nabaleko bordetara eramaten duen pistari jarraitu behar zaio. Herri-gunetik 250 bat metrora ezkerrera dagoen bidea hartu eta gora egin behar da gaineraino (Ariatibel). Ikuspegia: Orbara, Orbaizeta, Berrendi, Ortzantzurieta…

Close Menu

menu