Iratiko Oihana deitzen zaio Irati ibaiaren arroko goialdean dagoen pagadi-izeidi zabalari. Zaraitzu, Garazi, Basaburu eta Aezkoa ibarrek partekatzen dute eremu hau.

Izeiek eta pagoek osaturiko zuhaitz multzo handi hau, Europako bigarren zabalena da eta Espainiako estatuko lehena. Jatorriari dagokionez, eremu gazte samarra da, izan ere hamabi mila bat urte kalkulatzen zaizkio. Eta ordutik ustiatu izan da, egurra lortzeko, abeltzaintzan eta ehizatzeko. Orain pagoak eta izeiak espezie nagusiak badira ere, ez da beti horrela izan, lehenago haritzak baitziren bertan.

Basoz eta larrez, zurez eta urez beteriko oihan hau jende askoren igarobidea izan da: kontrabandistak, soldaduak, oihan-mutilak, artzainak, arima erratuak eta lamiak. Gaur egun oinez ibiltzeko leku ezin aproposagoa da. Seinaleztatutako Ibilbidetan barna, udazkenean bereziki, garai horretan inoiz baino ederragoa ageri baita: hostoen urre-gorrixkak zuhaitzetako enborretan hazten den goroldioaren berdearekin lehian.

https://www.youtube.com/watch?v=1Q-AuIKaAKA

Faunaren aniztasuna, ehizatzeko espezieak barne, da Iratiko Oihanaren aberastasunaren arrazoia: basurdeak, orkatzak, orainak, erbinudeak, lepahoriak, azeriak, azkonak paraje hauetan bizi dira, eta amuarrainak eta txipak, erreka eta ibaietan. Baina aktibitate nagusia abeltzaintza da: ardi latxak eta arraza nafarrak, behigorriak eta Aurizko behorrak libre ari dira goialdeko bazka-larreetan.

Gaur egun, Iratiko Oihanean oso garrantzitsua da zuraren ustiaketa. Oihan-antolaketa planei jarraikiz egiten da, baina XVIII. mendean, Espainia eta Frantziako Marinek baso hauetan erreparatu zuten, izei eta pagoen kalitateagatik, itsasontziak egiteko. Garraiatzea zaila zenez, almadiak erabili zituzten, hau da, enborrak elkarri lotu baltsa baten modura eta ibaian behera botaz. XX. mendearen hasieran, El Irati S.A.-ak Irabiako urtegia egin zuen, beste helburu batzuen artean, elektrizitatea sortzeko, eta ordutik aurrera erreka mutilen (barrankeatzaileak) teknika hartu zuten, ibaian behera aske garraiatzea, alegia. Geroago ere, kableen bidez, airean zehar garraiatu ohi ziren. 1960. urtean hasi ziren kamioen bidez. garraiatzen, bide praktikoagoa eta errentagarriagoa baitzen.

Iratin barnako ibilbideak

Natura, egiazkoa, gustuko baduzu, Iratiko Basoan barna dauden ibilbide ikusgarrietako bat egitea duzu.