Aezkoak dituen erakargarrien artean, nabarmentzekoa da Iratiko Oihana, Europako pagadi-izeidi handienetako bat. Aezkoako eta Zaraitzuko iparraldeko 17.000 ha hartzen ditu, eta oso preziatua izan ohia da, haren edertasunagatik eta bertako zur ugaritasunagatik. Hegazti eta beste animalia askoren habitata da: erregetxo bekainzuri, mendi-erregetxo, txonta arrunt, txantxangorri, azeri, basurde, orkatz eta oreinena, besteak beste. Azken horiei entzun ahal zaie udazkenaren hasieran izaten den marru-aldiaren garaian. Iratiko oihanean babestutako hiru espazio daude: Mendilatzeko eta Hariztibarreneko natur erreserbak eta Lizardoiko erreserba integrala. Azken hori ekologikoki lekurik interesgarriena da, pagadi eta izeidi basatiak dituelako eta animalia espezie ugariren bizilekua delako.
Iratiko basoa oso zabala delako ezagunena bada ere, haranean badaude ere beste zenbait baso eta ekosistema nabarmengarri batzuk.
Iratiko oihana- Aezkoako mendiak
Aztaparreko hariztia
Aztaparreko erreka harizti aetzen kalitatea antzemateko leku ezin hobea da.
Errekaren ibilbideari jarraikiz hedatutako baso ederra da. Ariako eta Orbarako udal dermioetan dago, eta bi herri horietatik edozeinetik erraz ailegatu daiteke hara.
Hariztian barneratzeko modurik hoberena Ariako bordetara eramaten duen bide ederra hartzea da. Ibilbidean, haritz kandugabeak eta ametz ilaundunak ikusiko ditugu, eta pago batzuk tarteka.
Fauna aberastasuna eta erreka bera dira lekuko beste erakargarri batzuk.
Beteluko hariztia
Beteluko hariztia (Garraldako udal dermioan dago) haritz kandugabe espeziez osaturiko basoetan garrantzitsuenetako bat da.
Penintsulako hoberenetarikotzat hartuta, Olaldeako mendialdera luzatzen da, eta Irati ibaiaren erdialdeko gunea hartzen du.
Tamaina handiko aleak daude bertan, baso zabal eta garbian antolatutakoak, eta habitat ezin hobea da fauna eta sastraka espezie askorentzat.
Lekua oso irisgarria denez eta estrategikoki kokatuta dagoenez, Ariztokiko behatokiaren azpian, Irati ibaiaren bi aldeetara, haritzezko basoa ezagutzeko aukera ezin hobea ematen du.
Herrietatik abiatuta
Aipatutako leku horietaz edo natur erretserbez gain, badago beste baso mota batzuetan murgiltzeko aukerarik ere.
Herrietatik bide asko abiatzen dira. Batzuk seinaleztatutako bideak dira eta beste batzuk, berriz, abeltzaintza lanetarako egindako pistak. Oso irisgarriak dira, eta baso mistoetan barna eramaten gaituzte. Pagoak, haritzak, astigarrak, lizarrak edo urkiak, besteak beste, sastraka espezie ugarirekin tartekatzen dira: ezpelak, orreak, hurritzak, gorostiak…
Herrietako xarma eta basoaren magia, gure harana ezagutzeko konbinazio ezin hobea.